• 01
    API

    Hainbat herritan Euskaraz Bizi egun txikiak egin dira giroa berotzeko. Bosgarren Euskaraz Bizi Eguna, berriz, larunbatean ospatuko da, Gasteizen.

    "Komunitate gisa esan nahi dugu ez garela euskararen espaloitik jaitsiko"
    Nestor Esteban, Euskal Herrian Euskarazeko kidea

    Duela urte bat, Euskaraz Bizi Egunaren aurreko egunetan izendatu zuten EHE Euskal Herrian Euskaraz-eko bozeramaile Nestor Esteban (Iruñea, 1977).

    Iazko Euskaraz Bizi Egunaren leloa Ez zaitez espaloitik jaitsi! izan zen. Aurten Ez gara espaloitik jaitsiko! leloa aukeratu duzue. Zer adierazi nahi duzue lelo horrekin?

    Aurreneko Euskaraz Bizi Eguna Etxarri-Aranatzen egin genuen. Gero, EHEk, hango euskara batzordearekin elkarlanean, Bahamatarren edukazio ona ipuina egokitu zuen. Ipuin horretan kontatzen da nola beltzak espaloitik jaisten ziren zuri batekin gurutzatzean. Gurera ekarrita, antzeko zerbait egiten dugu euskaldunok: erdaldunekin topo egitean erdararen errepidera jaisten gara. Etxarri-Aranatzen Ez zaitez espaloitik jaitsi leloaren kanpaina egin zuten, eta hortik hartu genuen iaz mezua Euskaraz Bizi Egunerako, norbanakoak interpelatuz. Aurten, komunitate gisa ere esan nahi dugu ez garela espaloitik jaitsiko.

    Zer pauso eman daitezke herritarrak euskararen espaloitik jaits ez daitezen?

    Sumisio egoera batean bizi gara. Euskaldunok bigarren mailako herritarrak gara gure herrian. Egunero espaloitik jaisten gara, eta horri aurre egin behar diogu. Saiatu beharko genuke garenaz harro gaudela adierazten.

    Erakunde publikoek zer neurri har ditzakete testuinguru horretan?

    Azkeneko urteetan hainbat urrats egin dira euskararen normalizazioan, gehienak herri mugimenduari esker. Herri mugimenduek tresna batzuk jarri dituzte, eta administrazio publiko bakoitzaren arabera eman dira erantzunak.

    Nafarroako Gobernuak, Carlos Urkijok eta Frantziako Gobernuak euskararen aurkako erasoak egin dituzte azkenaldian. Eta ez gutxi.

    Nafarroako Gobernuko erasoei erantzunez, manifestazio jendetsua egin zen Iruñean, martxoaren 22an. UPNren gobernuaren erasoak handik eta hemendik datoz. Madrildik Werten legea datorren bezala, Frantziako Gobernuak hezkuntza erreforma bat egin du. Euskaldunon komunitatean haserrea dago eraso horiek direla eta. Bestalde, Nafarroako Parlamentuak hezkuntzako bizikidetzaren izenean mozio bat onartu zuen. Halakoetan beti erdara da nagusi, eta euskaldunok bigarren mailako egiten gaitu.

    Herritarrek ba al dakite, EAEkoek barne, 2014an euskararen alde mobilizatu behar dutela?

    Ari gara han eta hemen aldarrikatzen aldaketak egin behar direla euskaraz bizitzeko bidean. Gure ustez, euskararen alde egon beharrean euskararen alde egin beharko genuke. Horretarako, euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartu behar da.

    Udalekin ekinbide bat jarri duzue martxan, ezta?

    Udalak eta biok, euskaraz dinamika jarri dugu abian aurten. Herritarren eta udalen arteko harremana euskaraz izatea nahi dugu ekinbide horrekin. Herritarrak aktibatu nahi ditugu, eskaeren tramiteak euskaraz egin ditzaten. Bestetik, epe motzean hainbat udaletan aldaketak eragin nahi ditugu. Hainbat herritan eskaera fasean gaude orain.

    Duela egun batzuk, Eusko Legebiltzarrean EAJk eta EH Bilduk EITBri eskatu zioten langileek postua lortzeko izan zituzten baldintzak errespetatzeko eta ez inor baztertzeko «arrazoi linguistikoak direla medio». Euskalgintzako pertsona batzuk kritiko azaldu dira. Zer iritzi duzu auziaz?

    EAJren aldetik ez gaitu harritu, ikusita beste sektore batzuetan zer hizkuntza politika garatu duen. EH Bilduren erabakiak harritu egin gaitu, eta ikusi dugu kontraesanak dituela beste erabaki batzuekin. Eskaerak adierazten du erdaldunen ustezko eskubideak bermatuak dituztela egunerokoan, nahiz eta horrek ekarri euskarak bazterturik jarraitzea.

    Disfrutatzeko aukera ere ematen du euskarak: larunbat honetako jaiarekin, adibidez. Nola ospatuko duzue?

    Garenaz harro gaudela adierazteko egun bat izan nahi du Euskaraz Bizi Egunak. Egun hori antolatzeko, auzolanean ari gara, eta egitarauan hori jasoko da. Herri euskalduna aldarrikatzeko eguna izan nahi du, eta euskaraz bizitzeko bide horretan beste mugarri bat bihurtu. Etorkizunean lanean jarraitzeko jai bat ere izan nahi du.

     

    (berria.info-tik hartutako elkarrizketa)

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.